“Beti sortzen dira erronka eta helburu berriak segurtasun eta osasunean, eta hori garrantzitsua da. Arriskuak beti hor egongo dira, baina gure helburua horiek ahalik eta gehien murriztea da” – Rafael Lopez Garcia Kalitateko zuzendaria TECRESAko

Enpresa seguruak
“Beti sortzen dira erronka eta helburu berriak segurtasun eta osasunean, eta hori garrantzitsua da. Arriskuak beti hor egongo dira, baina gure helburua horiek ahalik eta gehien murriztea da” – Rafael Lopez Garcia Kalitateko zuzendaria TECRESAko

Laneko segurtasunari eta osasunari buruz hizketan aritu gara TECRESAko Kalitateko zuzendaria den Rafael Lopez Garciarekin, eta estaldura erregogorraren sektoreak aurrean zein arrisku nagusi dituen nahiz enpresak horiei aurre egiteko zein prebentzio-neurri aplikatzen dituen azaldu digu. Halaber, prebentzio-kulturaz eta DOW Tarragonak Segurtasun, Osasun eta Ingurumeneko Enpresa Onena gisa eman zien sariaz hitz egin dugu.

Laneko segurtasunari eta osasunari buruz hizketan aritu gara TECRESAko Kalitateko zuzendaria den Rafael Lopez Garciarekin, eta estaldura erregogorraren sektoreak aurrean zein arrisku nagusi dituen nahiz enpresak horiei aurre egiteko zein prebentzio-neurri aplikatzen dituen azaldu digu. Halaber, prebentzio-kulturaz eta DOW Tarragonak Segurtasun, Osasun eta Ingurumeneko Enpresa Onena gisa eman zien sariaz hitz egin dugu.

 

Zeintzuk dira TECRESAk egiten dituen jarduerekin loturiko arrisku ohikoenak, kontuan izanik jarduera horiek batez ere estaldura erregogorrak muntatzea, hornitzea, mantentzea eta gainbegiratzea direla?

Material erregogorra instalatzearekin eta mantentzearekin lotuta egiten ditugun jarduera guztiak tenperatura altuko instalazioetan egiten dira; hots, labeetan, tximinietan, galdaretan, dorreetan eta abar. Zenbait instalazio leku itxiak dira, batzuetan sartzeko zailak direnak; beraz, arrisku ohikoenak era horretako espazioetan egin beharreko lanarekin lotzen dira.

Espazio horietan gas toxikoak pila daitezkeenez, intoxikatzeko edo asfixiatzeko arriskua dago. Hala ere, bezeroak eta guk arrisku horiek saihesteko beharrezko segurtasun- eta prebentzio-neurri guztiak hartzen ditugu.

Horrez gain, altuerako arriskuak ditugu; adibidez, kare-labeen kasuan, esekitako plataformen gainean egiten dugu lan edo, beste altuera batzuen kasuan, aldamioen gainean. Hortaz, maila ezberdinetan erortzeko arriskua dago, leku estuetan eta tximinietan eskailerak jaistean edo igotzean, aldamioetan igotzean edo jaistean eta abar.

Gorabehera gehienak, (%90 baino gehiago) gehiegizko esfortzuekin, kolpeekin, erorketekin eta partikulen proiekzioarekin lotzen dira, langileek beren zereginak leku txikietan egin behar dituztelako eta jarrera behartuak hartzera eta mantentzera behartuak daudelako; ondorioz, batzuetan, muskulu-hezurretako nahasmenduak gertatzen dira. Gainera, kolpeak izateko arriskua dugu. Konponketa batzuetan, hondatutako estaldura kendu behar izaten dugu batzuetan, eta, beraz, eraispenak egin behar izaten ditugu. Orduan, laneko erremintak eta ekipoak erabiltzearen arriskuak izaten ditugu; hau da, pikatzeko erabiltzen diren mailu pneumatikoak edo ainguraketak mozteko erradialak. Horrek partikulak jaurtitzeko arriskuaren eraginpean jartzen gaitu. Eta eraispenaren hondarrak direla-eta (txintxorrak), estropezu egiteko eta maila berean erortzeko arriskua ere badago, lurzoru uniforme baten gainean lan ez egiteagatik.

 

Zer-nolako prebentzio-neurriak ezartzen ditu TECRESAk langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko?

Espazio itxietan sartu aurretik, gasen neurketak eta giroaren ebaluaketa egiten dituzte langile kualifikatuek, atmosfera eta aire arnasgarria neurtzeko.

Espazio itxia identifikatzeko informazioa eta prestakuntza ere ematen dira aurretik, langileek egin behar dituzten lanen arriskuak ezagutzeko, eta horien aurreko prebentzio- eta babes-neurriei buruzko informazioa ere bai.

Jarduerak findegietako labeetan, hodietan eta abarretan egiten direnean, langileek azido sulfhidrikoaren detektagailuak izaten dituzte, mota horretako lantegietan identifikatutako arriskuetako bat baita.

Beste era bateko instalazioetan (galderak, adibidez), lanera sartu aurretik gas anitzeko detektagailua erabiltzen da. Gailu horiei esker, egoera hobeto kontrola daiteke, atmosfera onena ez baldin bada, arriskuaren berri ematen dute-eta.

Gainera, espazio itxiak bezalako instalazioetan, kanpoan beti egoten da prebentzio-baliabide bat, eta kanpotik zaintza etengabea egiten du. Horrela, walkie baten bidez, espazio itxian dauden langileekin komunikatzen da uneoro, eta horiek gutxienez binaka sartzen dira.

Instalazio horietan, beharrezkoa da lanerako baimena eta espazio itxira sartzen diren pertsonen eta bertatik irteten direnen zerrenda bat izatea. Gainera, beti bezeroen instalazioetan lan egiten dugunez, horiek beti adierazten dute ekipoa irekita dagoela, barrura sartu ahal izateko.

Jakina, kasu guztietan, langileek dagozkien NBEak izaten dituzte; eraisteko lanen kasuan, babesteko kaskoak eta betaurrekoak izaten dituzte partikulak jaurtitzeko arriskutik babesteko eta, material erregogorraren hautsetik babesteko, berriz, paperezko buzoak txano eta guzti.

Bestalde, eraispenaren hondakinak aldian-aldian ateratzen dira, lekua ahalik eta garbien eta libre mantentzeko eta estropezu egiteko eta erortzeko arriskuak saihesteko.

Altuerako lanei dagokienez, mutur bikoitzeko xurgatzailea duten segurtasun-arnesak erabiltzen dira beti, beti puntu seguru batean eta uneoro lotuta egoteko, eremu batetik bestera igaro behar izan arren.

 

Zer-nolako politikak jarraitzen ditu enpresak lantokian prebentzio-kultura sustatzeko?

Segurtasun-ikuskapenak egiten ditugu. Horiek prebentzio-baliabideak, obrako arduradunak edo Laneko Arriskuen Prebentzioko arduradunak egiteaz gain, Zuzendaritza obretara joaten da, eta modu aktiboan parte hartzen du ikuskapenak egiten.

Langileekin bilerak egiten ditugu gure bulegoetan, tarteka etortzen direnean, eguneroko lana Tecresatik kanpo egiten baitute, bezeroen instalazioetan. Bilera horietan, etengabeko planaren inguruko elkarrizketak egiten dira, indize batean oinarrituta; modu lasaian hitz egiten da, eta segurtasunaren, kalitatearen, eskubide eta betebeharren eta abarren inguruko gaiak indartzen ditugu. Portaera azpimarratzen dugu, baita ere, eta beti ikuspegi positiboa lantzen dugu, istripuak eta lesioak eragin ditzaketen ekintza ez-seguruak baztertzen laguntzen duten portaera seguruak sustatzeko.

Halaber, laneko arriskuen prebentzioari dagokionez, langileei etengabeko prestakuntza eta prestakuntza pertsonalizatua ematen diegu, lantalde bakoitzaren benetako beharrei erantzute aldera.

Egingo dituzten lanekin lotutako arrisku guztien gaineko prestakuntza da, espazio itxiekin eta altuerako lanekin lotutakoetatik hasi eta gorabehera edo istripu ohikoenak eragiten dituztenetaraino (lehen aipatu ditugunak): gehiegizko esfortzuak, estropezuak, kolpeak, erorketak, partikulak jaurtitzea…  Arrisku horien guztien berri ematen da lanak hasi aurretik obran bertan ematen diren hasierako hitzaldien bidez; obrako arduradunak nahiz proiektu-buruak ematen ditu, eta lanpostura ez ezik, obra egingo den instalazioetara ere egokitzen dira. Instalazioak aldatu egiten dira, proiektu bakoitza bezero ezberdin baten instalazioetan egiten delako.

Tecresan Hobekuntza-talde bat ere sortu dugu, eta hainbat pertsonak osatzen dute: obra-arduradunak, biltegiko langileek, segurtasun-saileko eta LAPeko langileek eta Zuzendaritza Teknikoak. Taldea biltzen denean, laneko segurtasunari eta osasunari buruzko gaiak jorratzen dira, arazoei irtenbideak bilatzeko eta prozesuak, portaerak, egoerak… hobetzeko moduak bilatzeko. Beti etengabeko hobekuntza bilatzeko helburuarekin.

Era berean, talde horretan pentsatzen eta sortzen dira prebentzio-kultura sustatzen duten ekimen eta ekintza berriak. Teknologiak komunikatzeko eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatuz, azken ekintza moduan, enpresako langileei silizearen arriskuei buruzko informazio-triptiko batzuk bidali dizkiegu WhatsApp eta e-mail bidez.

Beste informazio-kanpaina batean, berriz, Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legeari buruzko informazioa eman genien langile guztiei.

 

Zer-nolako onurak ditu TECRESAk laneko arriskuen prebentzioan inbertitzeagatik?

Prebentzioan inbertitzeak beti laguntzen du lan-osasuna hobetzen eta istripu-tasa murrizten, eta bi onura horiek, berez, jada nahikoa garrantzitsuak dira. Baina beste onura bat gehitu behar badut, esango nuke kostuak ere murrizten dituela, ezbehar-tasa murrizten duelako.

Bestalde, Enpresaren irudia hobetzen du, bezeroei nahiz langileei dagokienez, Zuzendaritzak haien segurtasuna eta osasuna zaintzen dituela egiazta baitezakete. Enpresako Zuzendaritza bertan lan egiten duten pertsona guztien segurtasuna hobetzen eta lasaitasuna ematen ahalegintzen dela berretsi ahal izatea.

Prebentzioan inbertitzeak onura ugari ekartzen ditu beti, eta kalte pertsonalak saihestearekin bakarrik onura handia lortzen da.

 

Nola laguntzeko du laneko arriskuen prebentzioak TECRESAren funtzionamendu egokian eta giro osasungarria sortzen?

Langileak prebentzioan inplikatzen badira eta segurtasun-neurriak betetzen laguntzen badute eta segurtasunaren inguruan oharrak egiten badituzte, giro proaktiboa sortzea lortzen da. Horrez gain, Zuzendaritzak burutzen baditu langileek proposatutako neurri egingarriak eta fidagarriak, prebentzio-giro egokia sortzen da, Tecresari are hobeto funtzionatzeko aukera ematen diona.

Adibidez, ezarri dugun iradokizunetako bat, orain burura etortzen zaidana, orga-jasotzaileetan pertsonak detektatzeko sistema bat instalatzea izan da, kolpeak, harrapatzeak… saihesteko. Langileek sentsoredun besoko bat jartzen dute, eta orgak ere beste sentsore bat du; beraz, langileak organ programatutako ekintza-erradio batean sartzen direnean, orgaren sentsorea txistua jotzen hasten da eta arreta adierazteko argi laranja bat pizten da, orgaren gidariari norbait hurbiltzen ari dela abisatzeko, eta langileari besokoak aldizka dar dar egiten dio. Aldiz, langilea organ programaturiko arrisku-eremu batean sartzen bada, orgaren sentsorea hotsa ateratzen hasten da eta arriskuaren argi gorria pizten zaio, orgaren gidariari norbait arrisku-eremuan sartzen ari dela adierazteko. Horrela gidariak berehala geldi dezake. Langileari, berriz, besokoak etengabe dar dar egiten dio.

 

Zer-nolako eginkizuna du prestakuntzak laneko arriskuen prebentzioan?

Prestakuntzak paper oso garrantzitsua du beti. Prebenitu nahi bada, beti eman behar da informazioa eta beti prestatu arriskuen eta aplikatu beharreko segurtasun-neurrien inguruan. Guri dagokigunez, bezeroaren etxean lan egiten dugu beti, eta arriskuak aldatu egiten dira leku batetik bestera. Hori dela-eta, lanpostuak berak dituen arriskuen gaineko prestakuntza alde batera utzita, obraren hasieran prestakuntza eman behar da beti lantoki horretan dauden arrisku espezifikoei buruz. Arrisku horiek aurretiko obra bakoitzeko arrisku espezifikoen ebaluazioan identifikatzen dira.

Prestakuntza hori batez re proiektuko teknikariek ematen dute; izan ere, Tecresan ditugun ia proiektu-teknikari guztiak, ingeniari teknikoak izateaz gain, Laneko Arriskuen Prebentzioko goi-mailako teknikariak dira, eta, beraz, prestakuntza- eta informazio-hitzaldi horiek emateko gaituta daude.

 

TECRESAk Segurtasun, Osasun eta Ingurumeneko Enpresa Onenaren DOW saria jaso du. Sari hori Dow Tarragonak eman zion TECRESAk saritu zuten urtean zehar lanak egiterakoan erakutsitako konpromiso eta segurtasun-kultura bikainarengatik. Nola eragin du sari horrek TECRESAn? Zer suposatu du?

Harro sentitu gara guztiok. Langile askok adierazi dute saria jaso ondoren Tecresakoak izateagatik harro eta pozik daudela. Langileen segurtasuna eta osasuna zaintzen ahalegintzen den enpresako kideak izateagatik; baita ere, segurtasunaren inguruan kontzientziatzeko lanean jarraitu beharreko adibidea izateagatik, segurtasuna lanaren beraren parte dela eta lanean txertatuta dagoela kontzientziatzen jarraitu behar baita.

Eta erregogorren sektorean ere errekonozimendu garrantzitsua izan da nazio-mailan.

 

TECRESAk, STEULER TALDEKO kide izanda, mundu-mailako operadorea eta merkatu ugari ezagututa, zer-nolako erronka berriak kudeatzea aurreikusten du datozen urteetan, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan?

Beti sortzen dira erronka eta helburu berriak segurtasun eta osasunean, eta hori garrantzitsua da. Horrela izan behar du. Gu duela urte asko hasi ginen segurtasun-sistema ziurtatua erabiltzen, hasiera batean OHSAS 18001 arauan oinarritua. Nire ustez, erregogorren lehen enpresa izan ginen ziurtapena lortzen, eta, gero, ISO 45001 araudira pasatu ginen. Hori dela-eta, asko aurreratu dugu urte hauetan guztietan segurtasunean, eta segurtasun-kultura sortzera eraman gaituen pentsamoldea garatu dugu.

Ondorioz, segurtasunean urrats bat harago joan nahi dugu beti; horregatik, orain, plantillaren inplikazioa handitu nahi dugu. STEULER TALDEKOak diren Tecresako langile guztiak segurtasunaren parte izatea nahi dugu. Nola lortu hori? Adibidez, martxan jartzen ari garen programa baten bidez; hau da, obretara joaten garenean, Zuzendaritza eta kalitateko eta segurtasuneko arduradunak joateaz gain bisitak eta ikuskapenak egitera, bertan egongo den langile bat aukeratuko dugu (ez du zertan arduraduna izan edota prebentzio-baliabidea; ofiziala edo laguntzaile bat izan daiteke). Horrela, obra osoan zehar eta lantoki ezberdinetan ibiltzeko eskatuko diogu, segurtasunaren eta osasunaren inguruan ikusten duen guztia idazteko, ona zein txarra.

Langileak oharrak jasotzen amaitzen duenean, talde osoa bilduko dugu, eta langile horrek zer ikusi duen kontatuko die besteei, eta, era horretan, galderak eta iritziak sortuko dira, eta horiek kontrastatu egingo dira. Gu, berriz, behatzaile moduan egongo gara, eta norbaitek jarrera proaktiboa ez duela ikusten badugu, obra horretan hurrena egingo den lanean, pertsona hori hautatuko dugu ikuskapena egiteko, apur bat  gehiago inplika dadin.

Horren asmoa da langileak segurtasunean gehiago inplikatzen joatea eta horren parte aktibo izatea, segurtasunari buruz hitz egiten duena beti enpresa izan gabe.

Izan ere, arriskuak beti hor egongo dira, baita etorkizunean ere, baina gure helburua horiek ahalik eta gehien murriztea da, teknologia berriak erabiliz, langileek parte hartuz eta inplikatuz eta gure eskura dauden baliabide guztiez baliatuz, segurtasuna lanean erabat integra dadin eta lanaren beste zeregin bat bihur dadin.

Buletinera harpidetu